Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta hiriko euskaltegiek #euskaldunizate matrikulazio kanpaina abiatu dute, baita matrikulazio epea irekita dagoela iragarri ere. Koronabirusaren kutsatzea ekiditeko segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte klase presentzialetan, euskaltegietan eta zentro homologatuetan ikasle gutxiago egongo baitira ikasgeletan. Horretaz gain, ikastaro kopurua handituko dute: aurrez aurrekoak izango dira, aurrez aurreko ikastaro telematikoak izango dira, online ikastaroak izango dira baita tutoretzak eta hizkuntza praktikatzeko saioak ere. Bestalde, merkatarientzako, ostalarientzako, gurasoentzako eta migratzaileentzako ikastaro bereziak egingo dituzte.

Irailaren hasieratik dago zabalik matrikulazio epea, eta herritarrek ikastaroetan izena emateko diru-laguntza eskatu ahal izango dute urriaren 1etik azaroaren 23ra, Euskara Zerbitzuaren bulegoetan (Konstituzio plaza, 2), Udalinfo bulegoetan (Eason, Arroka plazan, Morlansen edo Altzan) edo Internet bidez, www.donostia.eus zein www.donostiaeuskaraz.eus helbideetan.

2019/2020 ikasturtea
4.483 pertsona aritu dira euskara ikasten hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan 2019/2020 ikasturteko neguko ikastaroetan, eta 1.542 izan dira diru-laguntzaren bat eskatu dutenak; eskaeren % 86,06k betetzen zituzten eskatutako baldintzak. Hala, 1.327 pertsona izan dira diru-laguntzaren bat jaso dutenak. 2019/2020 ikasturteko udako ikasle kopurua ez dago zehaztuta.

Menu