Ilazki euskaltegiak bost orduko klase intentsiboak ematen ditu, euskara denbora gutxian ikasi nahi duen orori zuzenduta. Ordu asko jarraian badira ere, ikasleek diote oso baliagarriak direla.

Irutxuloko Hitzan argitaraturiko albistea

Askotariko euskara ikastaro motak ditu Parte Zaharreko Konstituzio plazako Ilazki euskaltegiak: astelehenetik ostiralera egunean bi ordukoak, astean hiru egunetakoak, astean bi egunetakoak, egun bakarrekoak eta Internet bidezko lau hilabeteko ikastaroak, besteak beste. Baina ikastarorik bereziena astelehenetik ostiralera egunero bost orduko klaseen ikastaroa da.

Izan ere, egunero 8:30etik 14:00etara ematen dituzte bost orduko klase horiek, eta euskara azkar ikasi nahi dutenentzat aukera ezin hobea dira. Lau saiotan banatzen dituzte bost orduak: 8:30etik 10:00etara lehenengoa, 10:00etatik 11:30era bigarrena, 12:00etatik 13:00etara hirugarrena (11:30etik 12:00etara atsedena hartzen dute), eta 13:00etatik 14:00etara laugarrena. Saio bakoitzean irakasle aldaketa egiten dute, eta trebetasun bana lantzen dute: mintzamena, idazmena, irakurmena eta entzumena, hain justu. Bost orduko klase horiek A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetan daude eskuragarri, eta txanda berri bat hasiko dute otsailean, hilaren 17tik ekainaren 26ra arte iraungo duena.

Askotarikoak dira bost orduko klase hauetan izena eman duten pertsonak eta euren arrazoiak. Elixabete Gimenez donostiarra, esaterako, epaitegietako langile liberatua da, eta nahiz eta bere lanerako ere euskara erabilgarria den, familia kontuengatik hasi zen euskaltegian, bereziki: “Nire alabari bere etxeko lanekin laguntzeko hasi nintzen bost orduko klaseekin euskara ikasten”. Donostiarra izanik, euskara bere hizkuntza dela azaldu du Gimenezek, baina orain arte menperatzeko aukerarik izan ez duela nabarmendu du. Horregatik, “pozik” agertu da Ilazkiko bost orduko klaseekin. Antzekoa da Tamara Bueno hondarribiarraren kasua, txikitan gaztelaniaz ikasi ondoren, orain euskara ikasteko erabakia hartu baitu: “Lanarengatik eta alabarengatik, nire inguruan euskaraz hitz egiten dugu orain. Izan ere, nire alaba ikastolara doa, eta dena euskaraz egiten dute”. Charo Burgosek Eusko Jaurlaritzarentzat egiten du lan sukaldari gisa, eta lan egiteko euskara eskatzen ziotelako hasi zen bost orduko klaseekin, baina harago joan nahi du orain: “Lanerako B1 titulua eskatu zidaten, baina nik maila hori baino gehiago izan nahi dut, kalean jendearekin hitz egin ahal izateko”.

Bost orduko klaseak, ordea, kanpotik etorri den jendearentzat dira bereziki eraginkorrak, denbora gutxian euskara maila on bat lortzea ahalbidetzen baitute. Carmen Perez madrildarraren kasua da hori, esaterako. Azaldu duenez, duela sei urte heldu zen Donostiara, eta orain liberatuta badago ere, emagin gisa egiten du lan ospitalean. Eguneroko jardunean euskara erabili ahal izatea da Perezen nahia: “Jendearekin euskaraz hitz egin nahi dut lanean, eta hiru hilabete daramatzat euskaltegian horretarako. Pozik nago, eta asko ikasten dugu hemen”.

Gabriel Negrin tenerifearra ez zen lan kontuengatik sartu euskaltegian, familia kontuengatik baizik: “Niretzat, oso garrantzitsua da euskara ikastea, nire emaztearen eta seme-alaben ama hizkuntza delako. Beraiekin hitz egin ahal izateko jakin nahi dut euskara, eta oso pozik nago bost orduko klaseen prozesu honetan”.

Elsa Romero Soriakoa da, eta azaldu duenez, beste klase batzuk baino lasaiagoak dira bost ordukoak, eta euskara errazago ikastea ahalbidetzen dute: “Niretzat oso ondo daude klase hauek. Egunean bi ordu egiten badituzu, oso azkar egin behar dira ariketa guztiak, eta hemen lasaiago goaz”.

Intentsiboak eta atseginak
Oso intentsiboak dira Ilazkiko bost orduko ikastaro hauek, baina euskara ikasteko eraginkorrak izateaz gain, lagunak egiteko ere balio dutela azaldu dute ikasle guztiek. Izan ere, ikasle guztiak “familia bat” dira, Romeroren arabera, eta edozein gauzaz hitz egin dezakete beraien artean: “Eguneroko gauzak hitz egiten ditugu hemen; egun batean gaizki banago, adibidez, zer gertatzen zaidan kontatu dezaket”. Horretaz gain, batzuetan ikasleek aisialdia ere partekatzen dutela azpimarratu du soriarrak: “Pintxoak eta kafea elkarrekin hartzen ditugu. Azkenean, egunaren heren bat hemen pasatzen dugu, beraz, familiarekin egongo bagina bezala da”.

Negrinek ere bost orduko klaseen inguruko iritzi positiboa azaldu du, euskara bere bizitzaren parte izatea ahalbidetzen dutelako: “Polita eta gogorra da prozesua, baina helburua lortzeko garrantzitsua da zure bizitzan hizkuntza egunero eta egoera guztietan erabiltzea. Horregatik, uste dut euskaltegiaren bost orduko formatua desberdina dela, zure bizitzan euskara barneratzen duelako, eta ikasteko errazagoa da”.

Euskara, hizkuntza bat baino gehiago
Hizkuntza bera ikasteko baliagarriak izateaz gain, bost orduko klaseak euskal kulturan sartzeko ere baliagarriak direla deritzo Perezek, “Euskal Herriko kultura, jendea eta ohiturak ezagutzeko” aukera bat dela adierazi baitu.

Bestalde, euskara “kultur ondasun” garrantzitsu bat dela nabarmendu du Romerok, eta horren parte izatea gustuko duela: “Oso txikia da euskara munduan, horregatik, horrelako zerbait partekatzean, nahiz eta zaila izan, ondo sentitzen zara. Euskara babestea ere bada hitz egiten eta zaintzen saiatzea”.

Horregatik, oraindik euskara ez dakien oro euskaltegian izena ematera animatu dute ikasle guztiek aho batez: “Zaila bada ere katigatuta geratzen zara”.

Menu